lunes, 13 de junio de 2011

IDAZLANA

ETXEKO BATI ADITUTAKO ANEKDOTA:

Askotan egon izan naiz gure amatxiren ondoan haren garaiko istorioak erne-erne aditzen. Bera gustura, gaztetan zer nola moldatzen ziren kontatuz eta ni ere gustura, amatxiri asko gustatzen baitzaio gazte garaiko kontuez gogoratzea.

Orduan ez omen zegoen gaur egungo azpiegiturarik, ezta gutxiago ere. Jendeak ez omen zeukan orain bezala familia bakoitzeko auto bat edo bi, gutxi batzuek zeukaten autoa eta gure amatxi gutxitan ateratzen omen zen herritik, Ezkurratik. Bertan aritzen omen ziren jolasean, gutxirekin nahikoa izaten zutela eta gaur egungo umeak nola dibertitzen diren ikusita, batere inbidiarik ez duela esan ohi dit.

Herritik ateratzen zirenetan, inguruko herriko festetara joaten omen ziren, hori bai, oinez eta mendiz-mendi, errepideak ez baitziren oraingoak bezalakoak.

Uda hasi orduko, Saldiasko sanjuanak ospatzen dira eta orduan ere hala ospatzen ziren. Hara joaten omen ziren ezkurrarrak ere festetara. Bazkal ondoren abiatu eta plazan egoten zen ekitaldirako iristen omen ziren. Egunero egoten omen zen zerbait antolatua, gehienetan herri kirolak eta iluntze aldera, plazan musika. Horrela dibertitzen omen ziren, plazan akordeoi bat jarri mikrofono eta ezeren beharrik gabe eta dantzan jo eta ke, jota eta porrusaldak, kalejirak, mejikanak, “agarratuk”… musika bukatzen zenean bueltatzen omen ziren etxera, egun argiz abiatu eta Ezkurrara iritsi orduko ilunduta. Berdin egiten omen zuten Eratsungo Lokariko Amabirjinaren omenezko festak iristen zirenean eta Ezkurrako amabirjinak ospatzen zirenean berriz, saldiastar eta eratsundarrak omen ziren bisita egiten zutenak.

Azkenean, ondoko herrian, Saldiasen, aurkitu omen zuen urte askoan bere ondoan izan zuen gizona, gure aitatxi eta Saldiasera joan omen zen bizitzera, eta urte batzuk beranduago, geroago Leitzara.

No hay comentarios:

Publicar un comentario