Mostrando entradas con la etiqueta idazlana. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta idazlana. Mostrar todas las entradas

lunes, 13 de junio de 2011

IDAZLANA

ASMATUTAKO HISTORIOA:

Garai hartan , herri txiki horretan Felix izeneko ipotsa bizi zen. Ipotsa Felix aberats okitua zen eta etxe handi eta ikaragarri batean bizi zen. Etxeko gailu eta altzari guztiak urrezkoak zituen, baita ateen kisketak ere.

Adiskideeek bere etxera joaten ziren aldiro harrituta geratzen ziren ikusitakoaz eta erreka –zolara jeisten ziren normalean ikusitakoa hausnartu eta barneratzeko asmoz.
Beraz, adiskideek oinaze handia jasaten zuten hori ikusterakoan, baita Felixek etxola batean gartzelaturik zeukan zaldi txuria ikusterakoan ere.

Hala ere, gau hartan afaltzeko ordua iristear zegoelarik tximistaren joaK dena aldatu zuen. Tximistaren joa izugarrizkoa izan zen, eta Felix gauzak egiten zebilela, jantzita zeraman ileordea lurrera erori zitzaion. Adiskideak harrituta geratu ziren, Felixek ilerordea zuenik ez zekitelako.

Felixek azkeneko hilabeteetan, gaixotasun bat jasatzearen ondorioz, ileordea jantzi behar izan zuen, baina gaizki sentitzen zenez, ez zuen inorri horren berri eman.
Felixen hoberen lagunak hori ikusterakoan, erortzeko mina jaso zuen, azken hilabeteetan hainbeste maite zuen bere lagunaren ondoan ez egotearen ondorioz.

IDAZLANA

ETXEKO BATI ADITUTAKO ANEKDOTA:

Askotan egon izan naiz gure amatxiren ondoan haren garaiko istorioak erne-erne aditzen. Bera gustura, gaztetan zer nola moldatzen ziren kontatuz eta ni ere gustura, amatxiri asko gustatzen baitzaio gazte garaiko kontuez gogoratzea.

Orduan ez omen zegoen gaur egungo azpiegiturarik, ezta gutxiago ere. Jendeak ez omen zeukan orain bezala familia bakoitzeko auto bat edo bi, gutxi batzuek zeukaten autoa eta gure amatxi gutxitan ateratzen omen zen herritik, Ezkurratik. Bertan aritzen omen ziren jolasean, gutxirekin nahikoa izaten zutela eta gaur egungo umeak nola dibertitzen diren ikusita, batere inbidiarik ez duela esan ohi dit.

Herritik ateratzen zirenetan, inguruko herriko festetara joaten omen ziren, hori bai, oinez eta mendiz-mendi, errepideak ez baitziren oraingoak bezalakoak.

Uda hasi orduko, Saldiasko sanjuanak ospatzen dira eta orduan ere hala ospatzen ziren. Hara joaten omen ziren ezkurrarrak ere festetara. Bazkal ondoren abiatu eta plazan egoten zen ekitaldirako iristen omen ziren. Egunero egoten omen zen zerbait antolatua, gehienetan herri kirolak eta iluntze aldera, plazan musika. Horrela dibertitzen omen ziren, plazan akordeoi bat jarri mikrofono eta ezeren beharrik gabe eta dantzan jo eta ke, jota eta porrusaldak, kalejirak, mejikanak, “agarratuk”… musika bukatzen zenean bueltatzen omen ziren etxera, egun argiz abiatu eta Ezkurrara iritsi orduko ilunduta. Berdin egiten omen zuten Eratsungo Lokariko Amabirjinaren omenezko festak iristen zirenean eta Ezkurrako amabirjinak ospatzen zirenean berriz, saldiastar eta eratsundarrak omen ziren bisita egiten zutenak.

Azkenean, ondoko herrian, Saldiasen, aurkitu omen zuen urte askoan bere ondoan izan zuen gizona, gure aitatxi eta Saldiasera joan omen zen bizitzera, eta urte batzuk beranduago, geroago Leitzara.

IDAZLANAK

KIROL IDAZKIA:

Nire bizitzan zehar egia esan ez dut kirol gehiegirik praktikatu, baina kirola jarduera fisiko bezala kontuan hartuz gero, bada jarduera bat asko bete nauena, bereziki azkeneko urteetan. Jarduera hori dantza da.

Txikitatik egin izan dut dantza, euskal dantzak hain zuzen ere. Hasiera batean auzoan eta aurrerago beste dantza talde batean. Bertan sortzen den lagunarte eta giroa ez da beste kirol askotan aurkitzen, euskalduna, jatorra. Gustura joaten nintzen dantzako entseguetara, eskolatik atera eta hara joateko irrikan egoten nintzen.

Izan ere, niretzat dantza ez zen kirola edo ariketa fisiko bakarra izaten. Dantzan ez zen egoten beste kiroletan egoten den lehiarik, dantzan ez zegoen haserrealdirik, dantzan ez zegoen goi mailara iristeko gurasoen presiorik ezta asteburuetan epailearenganako irainik. Dantzan ikasi eta erakusteko geunden, batek pauso bat erraz ikasten bazuen gainontzekooi erakusten zigun eta pertsona horri beste pauso bat ikastea kostatzen bazitzaion, beti zegoen norbait laguntzeko prest.

Emanaldien garaia iristen zenean, dena zen urduritasuna; “ongi egingo al dut?” “gogoratuko al naiz pausoez?” baina jendaurrera ateratakoan ohartzen nintzen garrantzitsuena ez zela ongi egitea, norberak egiten zuenarekin gustura sentitu eta ingurukoak gustura sentiaraztea baizik. Dantza bat bukatu eta begira zeuden guraso, lagun eta baita ezezagunen txaloak ere entzun eta irribarreak ikustea bezalakorik ez zegoen eta hori baloratzen ikasi nuen.

Balore asko ikasi nituen dantzan, elkartasuna, laguntasuna, adiskidetasuna, umiltasuna, … baina batez ere, gauza garrantzitsu bat egiten ari nintzela ohartu nintzen eta egiten ari nintzen hori gustuko nuela: euskal kultura babesten ari nintzen. Euskal kultura praktikatzen, indartzen eta zabaltzen eta horrek, hasieran esan bezala, asko betetzen ninduen eta orain dela gutxi arte dantza irakasten aritu naiz auzoko ume txikiei eta nik ikasitako guztia, ez dakit lortu dudan, baina haiei transmititzen saiatu naiz, nik ere ahal dudan neurrian euskal kultura sustatu nahi dudalako.