KIROL IDAZKIA:
Nire bizitzan zehar egia esan ez dut kirol gehiegirik praktikatu, baina kirola jarduera fisiko bezala kontuan hartuz gero, bada jarduera bat asko bete nauena, bereziki azkeneko urteetan. Jarduera hori dantza da.
Txikitatik egin izan dut dantza, euskal dantzak hain zuzen ere. Hasiera batean auzoan eta aurrerago beste dantza talde batean. Bertan sortzen den lagunarte eta giroa ez da beste kirol askotan aurkitzen, euskalduna, jatorra. Gustura joaten nintzen dantzako entseguetara, eskolatik atera eta hara joateko irrikan egoten nintzen.
Izan ere, niretzat dantza ez zen kirola edo ariketa fisiko bakarra izaten. Dantzan ez zen egoten beste kiroletan egoten den lehiarik, dantzan ez zegoen haserrealdirik, dantzan ez zegoen goi mailara iristeko gurasoen presiorik ezta asteburuetan epailearenganako irainik. Dantzan ikasi eta erakusteko geunden, batek pauso bat erraz ikasten bazuen gainontzekooi erakusten zigun eta pertsona horri beste pauso bat ikastea kostatzen bazitzaion, beti zegoen norbait laguntzeko prest.
Emanaldien garaia iristen zenean, dena zen urduritasuna; “ongi egingo al dut?” “gogoratuko al naiz pausoez?” baina jendaurrera ateratakoan ohartzen nintzen garrantzitsuena ez zela ongi egitea, norberak egiten zuenarekin gustura sentitu eta ingurukoak gustura sentiaraztea baizik. Dantza bat bukatu eta begira zeuden guraso, lagun eta baita ezezagunen txaloak ere entzun eta irribarreak ikustea bezalakorik ez zegoen eta hori baloratzen ikasi nuen.
Balore asko ikasi nituen dantzan, elkartasuna, laguntasuna, adiskidetasuna, umiltasuna, … baina batez ere, gauza garrantzitsu bat egiten ari nintzela ohartu nintzen eta egiten ari nintzen hori gustuko nuela: euskal kultura babesten ari nintzen. Euskal kultura praktikatzen, indartzen eta zabaltzen eta horrek, hasieran esan bezala, asko betetzen ninduen eta orain dela gutxi arte dantza irakasten aritu naiz auzoko ume txikiei eta nik ikasitako guztia, ez dakit lortu dudan, baina haiei transmititzen saiatu naiz, nik ere ahal dudan neurrian euskal kultura sustatu nahi dudalako.